
Bea Asurmendi aramaioarrari (Araba) umetatik datorkio musika eta kanturako pasioa. 2013.urtean, Europan dagoen musika ezberdinen melting-pot handienean murgiltzeko grinak bultzatuta, Londresera abiatu eta bere musika ikasketetan pauso bat gehiago eman zuen Musika Modernoko Interpretazioko Gradua burutuz.
2020an, izen handiko Guildhall School of Music & Drama kontserbatorioan plaza eskuratu zuen Jazz Interpretazioko Masterra (Kantuko modalitatea) ikasteko. Han, jazzeko hainbat ikono izan zituen irakasle bezala (Scott Stroman, Tina May, Brigitte Beraha eta Clare Wheeler, besteak beste) eta Norma Winstone edo New York Voices bezalako izen handiko artistekin batera lanean aritzeko aukera izan zuen. Gainera, Help Musicians UK erakundeak ematen duen Next Level Award beka ospetsua jaso zuen bere musika proiektua garatzen jarraitzeko.
Mundu mailako antzoki eta areto ezagunetarikoetan abesteko aukera izan du Beak Londresen: Pizza Express Jazz Club, Soho Jazz Festival, Crazy Coqs, 606 Club eta Spicejazz Soho, adibidez. Gainera, 2023. urtean, bere musika EFG London Jazz Festival famatuan aurkezteko hautatua izan zen eta Ari Hoenig-en kontzertua irekitzeko ohorea izan zuen Milton Court Concert Hall-en. 2024ko edizioan ere bere musika aurkeztera gonbidatu zuten, sold out egin zuelarik. Londreseko High Tide Festival-ean ere kontzertua eman zuen urte berean.
Euskal Herrian, bere musika aurkeztu du Jazzon Aretoan, Kutxa Fundazioa Kluban, Musika Parkean jaialdian eta Klaustro Sounds-en, besteak beste. Laster kontzertuak eskainiko ditu Guggenheim Museoan, Coliseo Antzokian eta Altxerri Jazz Club-en.
Bere ahizpa den Idoia Asurmendi artistarekin ere oholtza partekatu du Madrilgo Lara Antzokian eta La Sala Movistar Arena aretoan, Donostia Festibalean, Victoria Eugenia Antzokian eta Bilboko Kafe Antzokian, besteak beste. 2023an Kursaalean ospatu zen Saharari Kantari kontzertuan ere elkarrekin abestu zuten, eta baita Atlantikaldia jaialdian ere. Bestalde, Judit Neddermann-en Euskal Herriko biran artista gonbidatu bezala aritu zen Bea 2023. eta 2024. urteetan zehar (Dabadaba, Altxerri, Stage Live, Vital Fundazioa Kulturunea). Gainera, Judit Neddermann-ek iaz kaleratu zuen Artean izeneko diskoan kolaboratu du Idoia Asurmendi, Izaro Andres, Olatz Salvador eta Marenekin batera. Diskoa aurkezteko bira bat egiten ari dira Euskal Herrian eta Katalunian zehar: Guggenheim Museoa, Lugaritz Antzokia, Aphònica jaialdia, Casino de l’Aliança de Poblenou.
Nazioartean ezaguna den saxofonista eta konpositore Andrzej Olejniczak-ek Bask Quartet izeneko bere taldearekin Polonian eskainitako kontzertuan abestera gonbidatu zuen Bea duela gutxi.
Bestalde, Beak Fernando Velázquez konpositore eta zuzendariarekin ere kolaboratzen du, film eta antzezlan ezberdinetako soinu-bandetarako ahotsak grabatzen dituelarik (Buffalo Kids, El bar que se tragó a todos los españoles, El Test, Ensimismada...). Nabarmentzekoa da Beak ahotsa jarri zion Velazquezen "Show Me" abestia 2025eko Kanta Onenaren Goya Sarirako izendatu zutela.
Une honetan, Asteartea diskoaren aurkezpen biran murgilduta dago, Erresuma Batuan, Euskal Herrian, Espainian eta Europako beste herrialde batzuetan kontzertuak eskainiz.
DEBUT DISKOA: Asteartea
Jazz garaikidea eta folka fusionatzen dituzten euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko abesti hunkikorrek osatzen dute Asteartea izeneko bere debut diskoa. Bere bizitza nabarmen markatu zuen emakumeen talde batean izandako esperientzia eraldatzailean daude inspiratuta abestiak. Bearen ahots bereziak eta sentsibilitatez beteriko letrek emoziozko soinu paisai bat erakusten digute, ondorengo gaiei buruz hausnartzera gonbidatzen gaituena: dolua, barkamena, familia, maitasun propioa, sororitatea eta osasun mentalaren garrantzia.




